Sarrera arrow Iritzi
Zergatik dago gaizki animaliei mina egitea? Inprimatu E-posta

Animalia ez-gizatiarren integritate fisiko eta emozionala bermatzea lortzeko hauei eskubideak ematea beharrezkoa eta premiazkoa dela kontsideratzen duten pertsona gehienen jarrerak oinarri intuitiboa du. Gizarteko gehienek animaliak mintzeari ‘gaizki deritzote’, baina argi dago adierazpen hau, berez, ez dagoela arrazoituriko argumentuetan oinarrituta. Animalien kontra bortizkeria erabiltzea gaizki dagoela onartzen badugu, jarrera hau argumentu sendo eta koherenteetan euskarritu behar dugu. Horretarako egin beharreko galdera konkretua eta zuzena hurrengoa litzateke: zein da animaliei oinazea sortzea gaitzestea dakarren arrazoi zehatza?

 Image

Gure ikuspegitik funtsezko hiru arrazoi daude, eta hauek kontutan izanda,  biktima errugabeen babesak zentzu osoa du (gure mintzagaia kasu honetan animalia ez-gizatiarrak badira ere, babes hau edozein biktima errugaberi dagokio, espezie biologikoa kontutan izan gabe,). Hauek dira hiru arrazoiak:

 

1. Animalien kontra ikaragarrizko bortizkeria sortzen da hainbat egoeraren ondorioz. Esplotazio egoerak anitzak eta ezberdinak dira, batzuk publikoarentzako ezagunak (zezenketak, abandonuak) eta baita ez horren ezagunak eta esplizituak (publizitatea edo zirkoaren ikuskizuna).

 

2. Animalia ez-gizatiarrak sentimena duten izaki bizidunak dira, eta beraz, min fisikoa jasan eta baita biziki sufri dezakete. Giza ezagutzaren hastapenetatik  ditugun indizio denek berrezten dute hau, eta inork ezin du errealitate hau saihestu (ebidentzia hau ukatzen interesatuta dagoen norbait izan ezik).

 

3. Gizaki heldu arrazoidunak izaki etikoak gara. Hori dela eta, gizakiok gure ekintzen gain balio-judizioak egiteko ahalmena dugu. Ekintza hauek, azaletik, ‘onak’ edo ‘txarrak’ diren erabakiaren arabera sailkatzen ditugu, eta honek besteei sor diezaiokegun premiagabeko mina saihestera behartzen gaitu nolabait.

 

Goiko hiru egi hauen gaineko hausnarketa txikiena eginez, gizakion arteko bortizkeria egoerei ere aplikagarriak direla konturatzen gara. Hala ere, hona hemen arrazoiketa praktikozko ariketa bat: goiko puntuetariko bat (edozein) existituko ez balitz, ez luke zentzurik izango zerbait kalifikatzeko ‘injustizia’, ‘ona’ edo ‘txarra’ terminoak erabiltzeak. Adibidez, 2 eta 3 puntuak beteko balira baina 1 puntua ez (animaliekiko tratu txar egoerarik existituko ez balitz), zein izango litzateke arazoa? Edo, 1 eta 3 puntuak bete baina 2 puntua desagertuko balitz txakur bati edo harri bati ostiko bat ematea berdin izango litzateke, txakurrek ez bailukete izango sentsibilitaterik (harrien kasua delarik hau, hain justu). 3a bada desagerrarazten dugun puntua inork ezingo lioke kritikatu eta aurpegiratu beste pertsona heldu bati bere ´jokabide txarra` animaliengan, hain zuzen, hipotesi honen arabera, pertsona horrek kontzientzia moralik ez lukeelako. Beste hitzetan, ezaugarri hau duen pertsona batek izaki sentikor bati tratu txarrak ematen badizkio ekintza hori zitaltzat jo besterik ezin dugu egin, pertsona hori ez bailitzateke gai izango bere ekintzen izaera ulertzeko.

 

Hau guztiagatik, gizon edo emakume bati alferrikako mina sortzea gaitzesten duten arrazoi berdinak dira gainerako beste animaliengan bortizkeria erabiltzea gaitzesten dutenak.

 
Zer esan nahi du "Animaliak" terminoak ? Inprimatu E-posta

Lehen begi bistan goiko honek galdera inozo bat dirudi, baina galdera horretaz hausnartzen hasiz gero, horren inozoa ez dela konturatuko gara.

 

Egia esan, orokorrean ‘animaliak’ terminoa darabilgunean, terminoari egiten diogun mugaketaren arabera bi talde zoologiko ezberdinei egin diezaioke erreferentzia. Alde batetik, zentzu biologiko batean, gu (gizakiak), inurriak, orangutanak edo arrainak bezain animali gara. Aldiz, ikuspuntu kultural batetik, ‘animalia’ hitza gizaki ez diren beste animalia ez-gizatiarrak izendatzeko erabiltzen dugu. Apeta linguistiko baten itxura badu ere, kontua da, honek gizakia talde horretatik ‘urruti’ mantentzeko saiakera inkontzientea islatzen duela. ‘Animalia’ terminoaren adiera kultural honek ez du batere funtsik, ez baitu zentzurik talde bat horren homogeneo bezala aurkezteak bertan bai gugandik filogenetikoki horren ezberdin diren intsektuak edota horren berdintsu diren txinpantzeak sartzen baitira (txinpantzeen material genetikoa %98an gizakiaren berdina da).

 orangutan

Egia esan, erratzeko beldurrik gabe esan dezakegu aipatutako zentzu horretan animaliak ‘ez direla existitzen’, ez behintzat talde natural edo homogeneoa bezala. Hortaz, zentzugabearen ondorioz existitzen ez den talde baten aurrean geundeke. Honek ez luke aparteko garrantzirik izango, dakartzan ondorioak existituko ez balira: konnotazio moralak aplikatuz talde hori osatzen dutenak ‘merkantzia’ estatusdun bihurtzen ditugu, honek dakartzan eta denok ezagutzen ditugun ondorio suntsigarri eta larriekin.

 

Goiko gogoetaren harira, eta argumentua indartzeko asmoz, aintzat hartu hurrengoa: ez dago gizaki ez diren animalia guzti eta bakoitzarengan moralki garrantzizkoa den baieztapenik egiterik aldi berean ez dena aplikagarria  gutxienez, gizaki batzuengan.  Baten bat ezagutuz gero, jakinarazi iezaguzu.

 

‘Animaliei’ buruz zentzu kritikorik gabe hitz egiteak hizkuntza lizunduz gain izakiok gure kulturaren ondorioz kondenatu ditugun egoera betikotzea dakar. Horregatik, Mugimendu Animalistok, izakiok izendatzeko termino erraz baten faltan, batzuetan errealitatearen itxurara gehiago egokitzen diren terminoak erabiltzen ditugu, esate baterako ‘animalia ez-gizatiarrak’, eta aldi berean, arrazoi praktikoak direla eta, ‘animaliak’ termino soila ere badarabilgu.

 
Animalien eskubideak Inprimatu E-posta

‘Animalien eskubideak` deritzon kontua tratatzeko ‘Giza eskubideak` izeneko gaia tratatzerakoan erabiltzen ditugun erreminta berberak nahiko dira: ez da bestelako erreminta analitikorik behar. Esamolde bietan aurkitzen ditugu bi termino, eta gainera, termino bat berdina da bietan. Aitzitik azaldu ditugu ‘animalia’ termino nahasiari buruzkoak, testuinguru honetan ‘animalia ez-gizatiarrak’ ditugularik mintzagai. Hortaz, ekin diezaiogun eztabaida honetako termino nagusia epaitzeari: eskubideak.

 

 Hasteko, ohar zaitez, irakurle, ‘eskubide’ terminoa intuizio moral baten errepresentazio linguistikoa dela. Amodioa, elkartasuna edota grinaren antzera, eskubidea ez da gauza fisikoa. Eskubidearen errealitate faktikoa giza izaeratik bertatik sortzen da. Ukaezina da, era batean edo bestean, gizartea guztiak sozialki edo politikoki antolatuta daudela, eta denek dituztela erlazio arauak, hala nola, betebehar zehatz batzuk, baimenak edo debekuak.

 

Izaki moralak garenez gero, gure ekintzak bi kategoriatan sailkatzen ditugu: ekintza onetan edo ekintza txarretan, edo, beste hitzetan, onargarrietan edo onartezinetan, betiere ekintza horiek gizartean izan ditzaketen ondorioen arabera. Balio hauek gizarte denetan aurkitzen ditugu, eta eguneroko bizitza balio hauen inguruan egiten da. Honi lotuta, ezinbestekoa da azpimarratzea, ia-ia salbuespenik gabe, ona bera plazerarekin lotzen dugula (sustatzea merezi duen zerbait dela), sentsazio atseginekin, edo azken finean, ongizatearekin. Aitzitik, txarra edo onartezina dena sufrimenduarekin lotuta dago, honek izan ditzaken itxura edo gradu ezberdinekin.

 vacas

Gizakiok portaera arauak ipintzeko eta hausteko erraztasunak garatu ditugun heinean, gizarteak bere kideak ekintza onartezinak ez egiteko konbentzitzen saiatzen da. Horretarako, zigorrek dagokionari indarrean dauden legeak haustearen arriskuaz ohartarazten diote. Hauxe da, hain zuzen, eskubidearen funtsa oinarritzen den euskarrietariko bat: debekua. Bestea, beharbada garrantzitsuagoa, babesa da. Horrela, eskubide ideiaren baliokide sinboliko bat aurkitzekotan, seguruenik bi hitz hauetan aurkituko genuke. Norbaiti eskubideak emateak inplizituki horiek haustearen galaraztea dakar berarekin, gauza, egoera edo gizabanako batzuk babestuak izan behar direnaren beharra ikusten dugulako hain zuzen ere.

 

Eskubide hitzaren esanahi eta xedearen ideia nagusia azaltzeak pare bat lerro behar ditu soilik. Pertsona jakin bati min fisikoa sortzea onartezina dela islatzeko, pertsona horrek integritate fisikoaren eskubidea duela diogu. Hots, bidezkotzat jotzen dugu bere ongizatea ‘babestua izan behar dela’ eta horretarako, berme edo garantia, debeku eta arau hausleentzat zigorrak ezartzen ditugu.

 

Antzaratsu, guk animalistok, loroen eskubideak aintzat hartuak izan beharko liratekeela diogunean, soilik eskatzen ari garena zera da: gerta litezkeen giza erasoengandik babestuak izan daitezela, izaki horien ongizatearen, biziaren edota askatasunaren kontrako erasoak ordenamendu juridikoen bidez debekatuz. Ez badugu hau egiten, gaur egun egiten den bezala, izaki horien harrapaketa eta salerosketa baimentzen dugu, ondorioz, izakiei beharrezkoa ez den sufrimendu latza eraginez. Lehen begi bistan dirudien bezain sinplea da. Baina eskubideez hitz egiteak kasu zehatzak tratatzea eta premisa batzuk onartzea eskatzen du. Eskubideek erreferentzia-marko egokietan dute soilik zentzu praktikoa.

 

Horrela, eskubideetaz hitz egiteak ez du zentzu praktikorik eskubideak izatea ez izatearekin konparatu arte: Integritate fisikorako eskubidea izatea garrantzitsua da emakume edo hegazti batentzat, izaki sentikorrak baitira. Aldiz, kartoizko kutxa bati berdin dio nola tratatzen dugun, sufritzeko gaitasunik ez du eta. Animalia ez-gizatiarrei eskubideak emateaz uzkur diren gehienek zera aldarrikatzen dute: betebeharrik ez dutenek eskubiderik ere ezin dutela izan.

 

 Hau zentzugabeko suposizioa da: gizarteko sektore garrantzitsu batzuei, hala nola ume txikiei eta elbarritasun psikiko latzak dituztenei ez zaie eskatzen betebeharrik baina honek ez du eragozten, zorionez, sektore hauek oinarrizko eskubide sorta handiak izatea. Pentsamenduaren profesional batzuek, aldiz, gizakiengandik at eskubideak ez onartzea hizkuntza-kontu edo auzi batean usten dute. Hain zuzen ere, teorialari askok zalantzarik gabe onartzen dute gizakiok animaliekiko betebehar batzuk ditugula.

 

Ontzat dituzte animaliak egokiro tratatzeko obligazioa izatea, minik ez eragitea, edo funtsik gabe bizia kentzea, baina jarraian, hemendik eskubideak izatea ez dela ondorioztatzen diote. Orduan, zer ondorioztatzen da? zer dakar berarekin aurrekoak onartzeak? Beharbada ez gara eroso sentitzen izaki ez-gizatiarrei pribilegioak ematearekin, baina honek soilik horixe bera esan nahi du: ez garela eroso sentitzen horrekin, baina ez eskubideak ukatu behar dizkiegula. Belaunaldi askotan gizaki beltzei, emakumezkoei edota homosexualei eskubideak onartzea gai aztoratzailea izan da (eta oraindik da) gizarte asko eta askotan. Benetan be susmagarria da eskubide terminoa erosotasun osoz darabilgula gizakion arloan, baina espeziearen hesi birtuala zeharkatuz gero bat-batean desagerrarazi egiten dugula.

 

 Interesgarria da gogoratzea eskubideen oinarri praktikoak batez ere ezaugarri aurrikuslea duela. Eskubide-ideiak norbaiti mesede egin diezaioken heinean du zentzua. Azken finean, baliozkoa den zerbait babesteko baliagarri izan daiteken momentuan.

 

Azken finean, talde zoologiko batzuei oinarrizko eskubideak ematea edo ez ematea sen ona bezalako bertuteen aplikazioaren arabera dago hein handi batean, eta batez ere, eskuzabaltasunean. Bi hauen oreka egoki batek justiziatik ez gaitu asko urrunduko.

 
Espezismoa Inprimatu E-posta

Gehienek ezagutzen ez duten termino bat dugu espezismoa. Hala ere, diskriminazio era hedatuena eta suntsitzaileena dugu berau.

 

Pertsona gehienek badakite gutxi gora behera zer esan nahi duen arrazista, klasista edo matxista izateak: bidegabeki, arraza, klase sozial edo generoa dela eta, beste izaki batzuk diskriminatzea. Funtsik ez duten diskriminazio mota hauek onartzen dituzten pertsonak izan ezik, gizarteak, orokorrean, jarrera hauek gogor gaitzesten ditu, beltza, pobrea edo emakumea izatea ez baita arrazoi bizitzeko eskubidea edo erasoa ez izatearen oinarrizko eskubideak inori ukatzeko.

 

Halaz ere, herritar ia guztiek onartzen dute ohikoena eta hedatuena den diskriminazio mota bat, gorago aipatutako jarrera onartezinak gaitzesten dituzten pertsonak barne. Espezistak gara eraso mota askoren aurrean dugun jarrerarekin, erasook pertsonen kontrakoak balira gaitzetsiko genituzkeelako, baina animalien kontra egiten diren eraso mota asko justifikatu eta defendatzen ditugulako, edota animalien artean ere desberdintasunak egiten ditugulako. Horrela, zezenketak onartzen ditugu, baina, bestalde, ez dago ongi ikusia txakur bati ostiko bat ematea.

 gatoniņo

 Animalia horiek pertsonak ez direla esatea nahikoa izan ohi da milioika animaliari sortutako tortura krudelak justifikatzeko orduan, askotan heriotzaraino, soilik gure gusturen bat, estetikaren bat edo aisia eraren bat asetzeko.

 

Gizadiaren historian existitu izan den antolaturiko bortizkeria suntsigarrienak espezismoan du bere sostengua. Zorionez gizarte esklabistak eta holokausto nazia bezalakoak iragan ilunari dagozkio, baina oraindik, gutariko gehienok hiltegietako eguneroko hilketa masiboak, hipodromoak, zirkuak, larrugintzarako granjak, zooak, txakurtegiak, laborategiak, zezen-plazak, animalia-maskota dendak, ehiza, arrantza, edo animaliak azkar gizentzeko nabeak justifikatu eta kasu askotan horietan parte hartzen dugu.

 
Sahiesgarri den mina sortzea beti da txarra Inprimatu E-posta

Mina fisiologikoki existitzeak bi aurpegi ditu: bata aingeruarena eta bestea deabruarena. Zorionez, orratz batekin sastatuz gero, mina sentitzen dugu. Baina ez da bere alarma eginkizuna orain interesatzen zaigun alderdia, benetan interesa izanez gero, ekidin daitekeen mina baizik.Arrazoi eta funtsik gabeko mina da zital edo maltzurtzat duguna, eta beraz, gaitzesgarri.

 dalmata

Bestalde, tesi cartesiarretan zaharkiturik egonez, animaliak sentimendu edo emoziorik gabeko automatak bezala ikusten dituzte populazioaren zatitxo bat izan ezik gizartean nagusi den ideia mina eta plazerra bezalako sentsazioak ez dituztela soilik gizakiak sentitzen da. Are gehiago, gizakietan dituzten funtzio berberak bete eta emaitza berberak sortzen dituztela beste izakiengan pentsatzen dugu.

 

Horrela, kausa animalistak transmititu beharreko gogoeta oinarrizkoetariko bat hauxe da: fenomeno ezberdinak balira bezala ez dagoela giza mina edo animalien mina ezberdintzerik. Benetan existitzen den bakarra sufrimendua da, arrazoirik gabeko minaren esperientzia latza, onartezina, bai batzuentzat eta besteentzat, biktimaren espeziearen ezaugarritik guztiz at dagoen kontua. Hau onartuz gero, beste izaki sensibleenganako gizakiaren betebeharrak ezin du urruti izan. Ebidentzia hau onartzen (eta beraz, gainditzen) ez dugun bitartean diskurtso animalistak handicap handi bat izango du bere mezua igortzean.

 
Errugabeak eta defentsagabeak Inprimatu E-posta

Faktore hauek biak berebiziko garrantzia dute besteengan, eta bereziki animaliengan dugun portaera agresiboaren izaera kriminala ebaluatzerakoan.

 gato

 Indarkeria ekintza desberdinen aurrean balorazio ezberdinak egiten dira, eta hau hurrengoak erakusten du: gizarte osoak agresio forma batzuk guztiz onartzen ditu, eta honen islapen bezala errealitate juridikoak ere bai. Biolentzia legezkoa denean justifikatuta dago. Baina noiz geundeke baieztatzeko moduan, mina sortzea, objektiboki zitala eta beti efektu kaltegarriak dituena, txalokatzeraino onargarri bihur daitekeela? Badirudi bidezko defentsari buruz ari garela, norbere edo besteen interesak zainduz. Egia unibertsalik badago, nahitaez honek izan behar du bat. Edonork ulertuko luke norbaitek beste norbait erasotzea bigarrenak lehenengoaren edo bere familiaren segurtasunean garbiki eta bidegabeki afektatzen badu. Epaile inpartzial batengandik espero dena hau da, epaia emateko orduan, bidezko defentsa aske uztearen arrazoi bihurtzea. Berdin dio erasotzailea txakur, igeltsero, lehoi, doktore, suge edo fruta saltzailea bada. Bidezko defentsa, erabiltzen den eraso maila egoerak eskatzen duenaren parekoa bada, legezko eta bidezko da.

 

Animalien kontrako eguneroko eta ageriko eraso instituzionalizatua larriagotzen duen faktoreetariko bat zera da: ia-ia kasu gehienetan erasoa jasaten dutenak ezin ditugula ezeren erruduntzat jo. Arkumeek ez gaituzte gu atakatzen guk haiengandik defenditu eta lepoa mozteraino. Eperrek ez dizkiete gure lehen mailako interesei afektatzen haien aurka tiroka hasteraino. Lasterketetan beraien indarren muturreraino lehiatzera behartzen ditugun zaldiek ez digute zigor hori justifikatzen duten ezer egin. Aitzitik, autodefentsaz hitz egitekotan, soilik zezenak bere torturatzailea adarkatu eta gora-gora botatzen duenean gertatzen dela esan dezakegu. Errealitate gordina da animaliak menderatu eta hiltzen ditugula horretarako eskubidea dugula pentsatzen dugulako, eta hau guztia funtsik gabeko ideia bati jarraituz, espezie jakin baten kide izatearen ideia, alegia. Horren sinple eta lotsagarria da.

 

Badago animalien kontrako eguneroko erasoa gaitzesteko beste elementu teoriko bat ere: beraien defentsa-gabera egoera larria. Gainera, defentsa-gabera honek alor fisikoa gainditu eta alor intelektualean du sostengua. Adibide batek lagunduko digu hau ulertzen:. Poliziari tratu txarren kasu bat salatzen saiatzean, poliziak ganberroen biktima den txakurraren edo katuaren deskripzioa eskatzen digunean erantzun iezaiozu zezenez ari zarela, eta gertaera jendez gainezka dagoen plaza borobil batetan ari dela gertatzen. Orduan, zu zeu salatuko zaituzte adarra jotzen ibiltzeagatik.

 

Indarkeria ekintza baten biktima bere sexua, adina edo espeziea albo batera utziz errugabea bada, ekintza hori bidegabea da. Honi, defentsa gabe dagoela gehitzen badiogu, jokabide maltzur baten aurrean gaude, dudarik gabe.

 
Doako biolentzia Inprimatu E-posta

Gehienetan gizakia ez diren animaliei ematen dizkiegun tratu txarrak ekidin daitezke. Animaliek pairatzen duten oinazea, kasu askotan, saihestu daitezkeen egoeretan gertatzen da. Errespetu kontua da; beraienganako jarrera arduratsu minimoarekin ez genuke bere gorputzak arpoiekin zulatuko hil arte antolaturiko jai odoltsuetan, edo ez genituzke sailean akabatuko gure moko fina asetzeko. Ez bata, ez bestea, ez dira “gure bizitzarako ezinbestekoak”. Zezenketetara ez doazen pertsonek, edo animaliarik gabeko dieta egiten dutenek bestearen minarekiko errespetu oso sakona adierazten dute. Horregatik, tortura publikoa edo antolatutako krimenaren kontrako jarrera eta konpromezu pertsonala adierazten dute.

 oso

Biolentzia oro gaitzesgarria dela pentsatzea oso erakargarria da axalkeriz hartzen badugu, baina oso jende gutxik defendatuko du ideia hori bere askenekoetara eramaten badugu. Aitzitik, gutako gehienok ekidin nahi dugun egoerari dagokion biolentzia maila proportzionalaren alde egongo ginateke. Masaileko batek errugabea den pertsona baten lintxamendua ekiditen badu, zeinek ez zuen txalotuko? Eta ero batek bahitutako ume mordo baten heriotzaren kontrako irtenbide bakarra zoroa akabatzea balitz, gutako zeinek utziko lituzke umeak hiltzen? Biolentzia ez da desiragarria (mundu idealaren hipotesia onartuz), baina maiz zenbait gatazka konpontzeko beste tresna bat bezala agertzen da.

 

Hala ere, gure inguruko animalien kontrako erasoak ezin dira autodefentsa kontsideratu, aitizitk, funts gabeko kapritxoak asetzeko egiten ditugu; hala nola: zapore jakin bat lortzeko, ikuskizun batez gozatzeko edo jazteko era zehatz bat izateko. Horregatik, animaliei egunero ematen dizkiegun tratu txarrak erabat doakoak dira, ezinbestekoak ez direlako: animaliak jaten dituena, bere katua abandonatzen duena, zoora, zirkora, hipodromora, zezenketetara maiz joaten dena, larruekin janzten dena, hegazti exotikoak erosten dituena, ehiza eta arrantza dibertitzeko egiten duena, hau guztia egiten duen inor ez dago. Ohartu edo ohartu gabe hauetako egoera batzuk ez ditugu inoiz betetzen. Eta jende askok arestian aipatutako egoera guztiak boikoteatzen ditu. Horregatik, guztiagatik, animalien kontrako tratu txarrak ezin dira legitimatu, harropuzkeriatik eta egoismo zakarretik ez bada.

 
Mugimendu animalista Inprimatu E-posta

Mugimendu animalista, lehenik eta behin,  Erreforma Moraleko Mugimendua da. Egun dagoen, edo Giza-Historian izan den esanguratsuena. Bere tesiak onartuko balira, beste edozein mugimendu solidarioak lortu duen (edo lor zezakeen) doako sufrimendu, oinaze eta min gehiago desagertzea lortuko lezake. Inplikaturik dagoen indibiduo kopurua eta beraien kontra egiten den biolentziaren maila garrantzi teoriko izugarria du.

 

 Ideologia animalistak gizaseme eta animalien arteko harremana beraienganako errespetu eta begirunean oinarritzea lortu nahi du, eta ez egun gertatzen den bezala, bere ustiapen masiboan eta animalien interesen erabateko mesprezuan.

 perros

  Animalien defentsa eta babeserako korronte teorikoak ere oso desberdinak izan daitezke; esate baterako, maskotismotik (bere jarraitzaileak ezin dira animalistak kontsideratu, alegia, bere interes bakarra bere ardurapean daude animaliak dira soilik), liberazionismora (animalien ustiaketa gabeko gizarte berria lortu nahi du). Bi muturren artean oso popularrak diren bi korronte ditugu: protekzionistak (historikoki konpainiako animalietara mugatzen dena eta jarrera paternalistak dituztelarik, nahiz eta egun gero eta gutxiago, zorionez) eta ongizatearen aldekoak (animaliak gizakiarentzat baliabideak badira ere, gutxienez bere ustiapenaren bitartean ongizate minimoa bermatzearen aldekoak dira).

 

 ATEA erakundea ildo liberazionistaren barnean kokatzen da, animaliak babesteko beste edozein era ahaztu gabe.Gainera, mezua igortzeko era eraginkorrean emaitza positiboak lortzeko diskurtso orekatua hartu behar duela uste dugu.

 

 Orain arte mugimendu animalistak jarraitu duen estrategia aipamen berezia merezi du, eta ondorioz, hortik egin daitekeen hausnarketa objetibo eta zorrotza. Zentzu honetan, Espainiako animalien defentsa eta babesaren historian zehar izan diren lorpen adierazgarririk identifikatzea zaila da. Azkeneko hiru hamarkadetan mugimendu animalistaren taldeak eta ekintzaileak biderkatu arren, Estatu osoan konpainiako animalien abandonuaren arazo latza dirau oraindik. Nahiz eta biztanleriak gaitzetsi praktika hauek, beste aukera itxaropentsuaren faltan urtero dozenaka mila errugabe sakrifikatu behar dira. Eta zezenketak, bere krudelkeriaren karga guztiarekin, krudelkeri erreal nahiz sinbolikoa, duela 20 urte bezain errealitate irmoa da, nahiz eta mugimendu animalistaren baliabide asko lakra kultural hau salatzeko erabili .

 

Egoera honen erantzukizuna ez da sari emozional eta etikoaren truke bere denbora eta askotan baliabide ekonomikoak kausa solidario batean jartzen duten pertsonena.; ez litzateke zuzena beraiei leporatzea. Baina, era berean, bizi dugun egoera latza ikusiz, egindakoa berrikusi eta jarrera autokritikoa gureganatzea bidezkoena litzateke, animalien interesak jo muga izanik.