Zergatik dago gaizki animaliei mina egitea? Inprimatu E-posta

Animalia ez-gizatiarren integritate fisiko eta emozionala bermatzea lortzeko hauei eskubideak ematea beharrezkoa eta premiazkoa dela kontsideratzen duten pertsona gehienen jarrerak oinarri intuitiboa du. Gizarteko gehienek animaliak mintzeari ‘gaizki deritzote’, baina argi dago adierazpen hau, berez, ez dagoela arrazoituriko argumentuetan oinarrituta. Animalien kontra bortizkeria erabiltzea gaizki dagoela onartzen badugu, jarrera hau argumentu sendo eta koherenteetan euskarritu behar dugu. Horretarako egin beharreko galdera konkretua eta zuzena hurrengoa litzateke: zein da animaliei oinazea sortzea gaitzestea dakarren arrazoi zehatza?

 Image

Gure ikuspegitik funtsezko hiru arrazoi daude, eta hauek kontutan izanda,  biktima errugabeen babesak zentzu osoa du (gure mintzagaia kasu honetan animalia ez-gizatiarrak badira ere, babes hau edozein biktima errugaberi dagokio, espezie biologikoa kontutan izan gabe,). Hauek dira hiru arrazoiak:

 

1. Animalien kontra ikaragarrizko bortizkeria sortzen da hainbat egoeraren ondorioz. Esplotazio egoerak anitzak eta ezberdinak dira, batzuk publikoarentzako ezagunak (zezenketak, abandonuak) eta baita ez horren ezagunak eta esplizituak (publizitatea edo zirkoaren ikuskizuna).

 

2. Animalia ez-gizatiarrak sentimena duten izaki bizidunak dira, eta beraz, min fisikoa jasan eta baita biziki sufri dezakete. Giza ezagutzaren hastapenetatik  ditugun indizio denek berrezten dute hau, eta inork ezin du errealitate hau saihestu (ebidentzia hau ukatzen interesatuta dagoen norbait izan ezik).

 

3. Gizaki heldu arrazoidunak izaki etikoak gara. Hori dela eta, gizakiok gure ekintzen gain balio-judizioak egiteko ahalmena dugu. Ekintza hauek, azaletik, ‘onak’ edo ‘txarrak’ diren erabakiaren arabera sailkatzen ditugu, eta honek besteei sor diezaiokegun premiagabeko mina saihestera behartzen gaitu nolabait.

 

Goiko hiru egi hauen gaineko hausnarketa txikiena eginez, gizakion arteko bortizkeria egoerei ere aplikagarriak direla konturatzen gara. Hala ere, hona hemen arrazoiketa praktikozko ariketa bat: goiko puntuetariko bat (edozein) existituko ez balitz, ez luke zentzurik izango zerbait kalifikatzeko ‘injustizia’, ‘ona’ edo ‘txarra’ terminoak erabiltzeak. Adibidez, 2 eta 3 puntuak beteko balira baina 1 puntua ez (animaliekiko tratu txar egoerarik existituko ez balitz), zein izango litzateke arazoa? Edo, 1 eta 3 puntuak bete baina 2 puntua desagertuko balitz txakur bati edo harri bati ostiko bat ematea berdin izango litzateke, txakurrek ez bailukete izango sentsibilitaterik (harrien kasua delarik hau, hain justu). 3a bada desagerrarazten dugun puntua inork ezingo lioke kritikatu eta aurpegiratu beste pertsona heldu bati bere ´jokabide txarra` animaliengan, hain zuzen, hipotesi honen arabera, pertsona horrek kontzientzia moralik ez lukeelako. Beste hitzetan, ezaugarri hau duen pertsona batek izaki sentikor bati tratu txarrak ematen badizkio ekintza hori zitaltzat jo besterik ezin dugu egin, pertsona hori ez bailitzateke gai izango bere ekintzen izaera ulertzeko.

 

Hau guztiagatik, gizon edo emakume bati alferrikako mina sortzea gaitzesten duten arrazoi berdinak dira gainerako beste animaliengan bortizkeria erabiltzea gaitzesten dutenak.

 
< Aurrekoa