Sarrera arrow Zer esan nahi du "Animaliak" terminoak ?
Animalien eskubideak Inprimatu E-posta

‘Animalien eskubideak` deritzon kontua tratatzeko ‘Giza eskubideak` izeneko gaia tratatzerakoan erabiltzen ditugun erreminta berberak nahiko dira: ez da bestelako erreminta analitikorik behar. Esamolde bietan aurkitzen ditugu bi termino, eta gainera, termino bat berdina da bietan. Aitzitik azaldu ditugu ‘animalia’ termino nahasiari buruzkoak, testuinguru honetan ‘animalia ez-gizatiarrak’ ditugularik mintzagai. Hortaz, ekin diezaiogun eztabaida honetako termino nagusia epaitzeari: eskubideak.

 

 Hasteko, ohar zaitez, irakurle, ‘eskubide’ terminoa intuizio moral baten errepresentazio linguistikoa dela. Amodioa, elkartasuna edota grinaren antzera, eskubidea ez da gauza fisikoa. Eskubidearen errealitate faktikoa giza izaeratik bertatik sortzen da. Ukaezina da, era batean edo bestean, gizartea guztiak sozialki edo politikoki antolatuta daudela, eta denek dituztela erlazio arauak, hala nola, betebehar zehatz batzuk, baimenak edo debekuak.

 

Izaki moralak garenez gero, gure ekintzak bi kategoriatan sailkatzen ditugu: ekintza onetan edo ekintza txarretan, edo, beste hitzetan, onargarrietan edo onartezinetan, betiere ekintza horiek gizartean izan ditzaketen ondorioen arabera. Balio hauek gizarte denetan aurkitzen ditugu, eta eguneroko bizitza balio hauen inguruan egiten da. Honi lotuta, ezinbestekoa da azpimarratzea, ia-ia salbuespenik gabe, ona bera plazerarekin lotzen dugula (sustatzea merezi duen zerbait dela), sentsazio atseginekin, edo azken finean, ongizatearekin. Aitzitik, txarra edo onartezina dena sufrimenduarekin lotuta dago, honek izan ditzaken itxura edo gradu ezberdinekin.

 vacas

Gizakiok portaera arauak ipintzeko eta hausteko erraztasunak garatu ditugun heinean, gizarteak bere kideak ekintza onartezinak ez egiteko konbentzitzen saiatzen da. Horretarako, zigorrek dagokionari indarrean dauden legeak haustearen arriskuaz ohartarazten diote. Hauxe da, hain zuzen, eskubidearen funtsa oinarritzen den euskarrietariko bat: debekua. Bestea, beharbada garrantzitsuagoa, babesa da. Horrela, eskubide ideiaren baliokide sinboliko bat aurkitzekotan, seguruenik bi hitz hauetan aurkituko genuke. Norbaiti eskubideak emateak inplizituki horiek haustearen galaraztea dakar berarekin, gauza, egoera edo gizabanako batzuk babestuak izan behar direnaren beharra ikusten dugulako hain zuzen ere.

 

Eskubide hitzaren esanahi eta xedearen ideia nagusia azaltzeak pare bat lerro behar ditu soilik. Pertsona jakin bati min fisikoa sortzea onartezina dela islatzeko, pertsona horrek integritate fisikoaren eskubidea duela diogu. Hots, bidezkotzat jotzen dugu bere ongizatea ‘babestua izan behar dela’ eta horretarako, berme edo garantia, debeku eta arau hausleentzat zigorrak ezartzen ditugu.

 

Antzaratsu, guk animalistok, loroen eskubideak aintzat hartuak izan beharko liratekeela diogunean, soilik eskatzen ari garena zera da: gerta litezkeen giza erasoengandik babestuak izan daitezela, izaki horien ongizatearen, biziaren edota askatasunaren kontrako erasoak ordenamendu juridikoen bidez debekatuz. Ez badugu hau egiten, gaur egun egiten den bezala, izaki horien harrapaketa eta salerosketa baimentzen dugu, ondorioz, izakiei beharrezkoa ez den sufrimendu latza eraginez. Lehen begi bistan dirudien bezain sinplea da. Baina eskubideez hitz egiteak kasu zehatzak tratatzea eta premisa batzuk onartzea eskatzen du. Eskubideek erreferentzia-marko egokietan dute soilik zentzu praktikoa.

 

Horrela, eskubideetaz hitz egiteak ez du zentzu praktikorik eskubideak izatea ez izatearekin konparatu arte: Integritate fisikorako eskubidea izatea garrantzitsua da emakume edo hegazti batentzat, izaki sentikorrak baitira. Aldiz, kartoizko kutxa bati berdin dio nola tratatzen dugun, sufritzeko gaitasunik ez du eta. Animalia ez-gizatiarrei eskubideak emateaz uzkur diren gehienek zera aldarrikatzen dute: betebeharrik ez dutenek eskubiderik ere ezin dutela izan.

 

 Hau zentzugabeko suposizioa da: gizarteko sektore garrantzitsu batzuei, hala nola ume txikiei eta elbarritasun psikiko latzak dituztenei ez zaie eskatzen betebeharrik baina honek ez du eragozten, zorionez, sektore hauek oinarrizko eskubide sorta handiak izatea. Pentsamenduaren profesional batzuek, aldiz, gizakiengandik at eskubideak ez onartzea hizkuntza-kontu edo auzi batean usten dute. Hain zuzen ere, teorialari askok zalantzarik gabe onartzen dute gizakiok animaliekiko betebehar batzuk ditugula.

 

Ontzat dituzte animaliak egokiro tratatzeko obligazioa izatea, minik ez eragitea, edo funtsik gabe bizia kentzea, baina jarraian, hemendik eskubideak izatea ez dela ondorioztatzen diote. Orduan, zer ondorioztatzen da? zer dakar berarekin aurrekoak onartzeak? Beharbada ez gara eroso sentitzen izaki ez-gizatiarrei pribilegioak ematearekin, baina honek soilik horixe bera esan nahi du: ez garela eroso sentitzen horrekin, baina ez eskubideak ukatu behar dizkiegula. Belaunaldi askotan gizaki beltzei, emakumezkoei edota homosexualei eskubideak onartzea gai aztoratzailea izan da (eta oraindik da) gizarte asko eta askotan. Benetan be susmagarria da eskubide terminoa erosotasun osoz darabilgula gizakion arloan, baina espeziearen hesi birtuala zeharkatuz gero bat-batean desagerrarazi egiten dugula.

 

 Interesgarria da gogoratzea eskubideen oinarri praktikoak batez ere ezaugarri aurrikuslea duela. Eskubide-ideiak norbaiti mesede egin diezaioken heinean du zentzua. Azken finean, baliozkoa den zerbait babesteko baliagarri izan daiteken momentuan.

 

Azken finean, talde zoologiko batzuei oinarrizko eskubideak ematea edo ez ematea sen ona bezalako bertuteen aplikazioaren arabera dago hein handi batean, eta batez ere, eskuzabaltasunean. Bi hauen oreka egoki batek justiziatik ez gaitu asko urrunduko.

 
< Aurrekoa   Hurrengoa >