ATEAren prentsa oharra Inprimatu E-posta

ATEAREN PRENTSA OHARRA

 

Donostiako IAKak (Ingurumen Aholku Kontseilua), ATEA elkartearen eskariari erantzunez, animalien abandonuaren inguruko hausnarketa bultzatzeko jardunaldira hurbiltzeko gonbita luzatzen dio herritar orori.


Ustez gizarte aurrerakoi batean bizi gara, heziketa prozesuan hainbat balio barneratzen ditugu eta, harrotasunez, izaki etiko gisa aurkezten gara. Eta hala ere, gizakiak ez diren animaliak abandonatzen ditugu, ez gu ez administrazio publikoek, inolako ardurarik erakusten ez dugula.

 

 Hori dugu egia krudela, gizakiaren berekoikeria eta larderiaren ondorio. Izan ere, gizakiok hilzorian dagoen planeta honetako jaun eta jabetzat dugu geure burua, eta gura duguna egiteko eskubidea ematen diogu geure buruari, gainerako espezien sufrimendua, tortura eta heriotza eragiten dugula kontuan izan gabe.

 

Gabon garaia izaten da gure arduragabekeriaren erakusle nagusia; animaliak erosten ditugu, edo adoptatu, jostailuak bailiran. Honela, gure kontsumo beharra eta handinahikeriak asetzeko aitzakiarekin bizia bera gure nahiaren arabera maneiatzen dugu, euren beharrak dituzten eta sentitzeko gai  diren izakien duintasuna zapalduaz.

 

Beste espezie bateko animaliekin bizitzeko erabakia hartzen dugunean, zaindu, maitatu eta euren beharrak asetzeko -ez soilik elikatzeko eta bizilekua emateko, baita maitatzeko ere- konpromisoa hartzen dugu. Izan ere, animalia bat abandonatzen dugunean, kalte fisikoak pairatzeko arriskua izateaz gain, kalte emozionalak eta afektiboak jasango ditu ziurrenik.

 

Horretaz gain, azpimarratu beharra dago, elkarbizitza horrek opor garaiak ere barneratzen dituela. Izan ere, sarritan, gure oporrak prestatzen ari garenean jabetu egiten gara gizakia ez den bizikide hori, zeinentzako gu familia bakarra garen, ez dela gure planetan ondo egokitzen. Ondorioz, behinola animalia baten kargu egin zirenak, borondate hutsez hartutako arduraren gainetik ipintzen dituzte euren nahiak, animaliok “disimulo handiz” abandonatuz. Beharbada, pertsona eskuzabal batek jasoko du, behinola ardura hartu zutenek oporretara doazen bitartean, baina ez gaitezen engainatu, ziurrenik abandonatutako animalia gurpil azpian amaituko du bizia, edo borroka ilegal batean, laborategian edo eraila babes-etxeek hainbeste animalia har ezin dutelako.

 

Zilegi da gogoraraztea, Eusko Jaurlaritzaren Animaliak Babesteko Legeak argi asko jasotzen duela 4. Artikuluko 2. atalean animalien abandonua zigortu egiten duela. Noiz hasiko dira neurri eta zigor hauek betetzen edo betearazten?

 

Irtenbide etikooz gain, animalien abandonua ekidin dezakegu gure animaliak antzutuz. Interbentzio kirurgikoa eta antzutzeko erabakia irtenbiderik egokiena izan ez daitekeen arren, ideologikoki behintzat, gaur egun irtenbide hoberena izan daiteke abandonuak eta bere ondorio larriek eragindako sufrimendua ekiditeko. Izan ere, kumeentzako etxe bizileku duina aurki badezakegu ere, euren kumeen ardura hartuko al dugu? Hazkuntza progresio geometrikoan doa, eta estatistikek adierazten dutenez, azkenean abandonatutakoak asko izango lirateke.

 

2007an SPAPGean 167 txakur eta 289 katu erail zituzten, abandonuaren eta aurkitzen diren egoera penagarriaren ondorioz hildakoak kontuan izan gabe. Hau al da nahi dugun gizarte arduragabe eta irreflexiboaren eredua? Hau al dira etorkizuneko belaunaldiei eman nahi diegun heziketa eta transmititu nahi dizkiegun baloreak?


Bestalde, gogorarazi beharra dago, egun gizakiarekin bizitzeko aukera duten animaliak txakurrak eta katuak direla. Zergatia bilatzea ez da zaila: espezie bezala hartzen ditugun erabakien erantzukizun etikoaren ardura hartu behar dugulako, eta bestalde, animalia hauen habitat naturala suntsitu dugulako, alegia, txakurrak eta katuak gurekin bizi ezean, ez dute bestelako tokirik bizi ahal izateko. Gainera, urteetako esperientziak erakutsi digu, gure modus vivendira hoberen egokitzen diren espezieak dira. Utz ditzagun gainerako espezieak bakean bizitzen: ekidin dezagun animalia exotikoen bahiketa eta tortura, izan ere, espezie hauek badute euren habitat naturala eta espezie bezala garatzeko espazioa. Espezie exotikoen trafikoa munduko negozio ilegal errentagarriena da, narkotrafikoa eta arma trafikoaren atzetik; loro bat bizi osorako kaiola batean izan dezagun, bidean bederatzik bizia galdu dutela jakin behar dugu.

 

Sufrimendu hau guztia ekidin dezagun: animaliak arduraz adoptatu ditzagun, saia gaitezen animalien salerosketa (ilegala edo ez) sustatzen duten dendetan erosten, eta ekidin dezagun arrazako txakur emeen sufrimendua, bizi osoan kumeak izaten pasatzen baitute.

 

Hau guztia denon lana delako, abandonua gainerako animaliei eragiten diegun beste kalte bat baino ez delako, soilik gizakia ez den beste espezie batekoa delako. Arrazakeriak arrazaren araberako diskriminazioa egiten badu eta sexismoak sexuaren araberako diskriminazioa, espezismoa espeziearen araberako diskriminazioa egiten du.

 

Donostiako IAKak (Ingurumen Aholku Kontseilua) kontseilu honen partaide den ATEA elkartearen proposamenari erantzunez, animalien abandonuari buruzko jardunaldi irekia antolatu du, datorren ostegunean, ekainak 26, Kristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, arratsalde 6etan. Bertan parte hartuko dute ATEAk (Animaliekiko Tratu Etikoaren Aldeko elkartea) SPAPG (Gipuzkoako Animalia eta Landareen Babeserako elkartea) eta Donostiako Udaletxeko Osasun Publikoa eta Animalien Ongizate Arloak.

 


Donostian, 208ko ekainaren 18an

 

ATEA
Animaliekiko Tratu Etikoaren Aldeko elkartea

 

 
Hurrengoa >